Euskal Herriaren burujabetzaren aldeko dinamika politikoak, bere kontraesan eta gorabehera guztiekin, aurrera darrai. Azken urteak nahiko oparoak izan dira, eta inoiz ez bezala, guztion begien aurrean argiki azaldu da zein den Herri honek pairatzen duen egoeraren muina: bere Herri eskubideen, oinarrizko eskubideen, urraketa erabateko eta bortitza.
Lehenengo urraketa, oinarrizkoena, gure izatearena, gure euskal herritar izaera, gure naziotasun eskubidearena. Herri bezala ez gara onartuak eta beraz, ez du inolako funtsik gure naziotasun eskubideaz mintzatzeak. Gutako batzuk Espainiar gara eta beste batzuk, frantziarrak. Eskema honen barruan, bakoitza gure erregiokoak gara ("vasco-español" edo "basque-franÇais"), besterik ez.
Hizkuntzaren eremuan, botere publiko ezberdinen aldetik bultzatzen diren neurri baztertzaileak, murritzaileak,.. daude, gure hizkuntza nazionalari dagokion status ofiziala ez onartuz. Egun, datozen belaunaldien euskalduntzea ez da, inondik inora, bermatzen, eta gure lurraren hainbat zonaldeetan ez dugu euskaraz ikasteko eskubidea. Aipatu daiteke komunikabideen eragina ere eta konpromezu eza hizkuntzarekiko,.. Euskaraz bizitzeko eskubidea ukatua zaigu Euskal Herri osoan.
Antzeko egoera ematen da Irakaskuntza alorrean, sistema propiorik gabe, ahalmenik gabe, fisikoki banatuak, kanpotik ezartzen dizkiguten edukinak ikasteko/irakasteko behartuak, euskalduntze bideak etengabe urratuak,...
Berdin gure bizitzaren beste esparru guztietan: kirol eremuan, kultur arloan (globalizazioaren eragin izugarria gehitu behar zaiolarik), sozial zein ekonomi arloan, etab.
Esan bezala, azken urte hauetan, Estatuen aldetik argiki erakutsi da zein den Herri honen aurkako politikaren muina. Gure Herri zutabeen aurkako erasoak biderkatu egin dira abertzaletasunaren suspertzearekin batera, markoarekiko zalantza etengabearekin batera.
Unibertsitate mailan ematen ari diren pausuak, Nafarroan euskararekiko erasoaldi etengabea, Iparraldeko Ikastolen aurkako saioak,.. guzti honen adierazle dira.
Herri honek, gai guzti hauen inguruko lanketa gauzatzea behar du, eta alorrez alor, dauden eragile ezberdinen bidez buruturiko lana ez da nahikoa. Alde batetik gure eraginkortasuna biderkatzen saiatu behar dugulako, eta bestaldetik, eskubideen gaiari bestelako dimensio bat eman behar zaiolako, Euskal Herriak aurrera daraman prozesuaren osotasunean kokatuz.
Azken honek zer esan nahi du? gure ustez, eskubideen atalean jauzi bat ematea beharrezkoa zaigula. Eskubide hauen definizio garbia eginez, beraien aldeko praktika koherentea bultzatuz eta praktika honen defentsa orokorra artikulatuz. Eraikuntza nazionalak pausu hau ematea eskatzen du ezinbestean, zaila baita Herri bat eraikitzea Herri eskubideak, orokorki ere, jorratu gabe. Tresna berri bat behar dugu.
"Bai Euskal Herriari", Herri Eskubideen eta Euskal Demokraziaren aldeko Herri Ekimen gisa bultzatu nahi dugu, bere helburuak ondoko hauek zehaztuz:
Helburu hauekin batera, bere aldarrikapen nagusia Euskal Herritarron eskubide zibil zein politikoena izan behar du, lan ardatz nagusi bezala hartuz. Herri bai eta bertoko herritar gisa dagozkigun eskubide horien gauzatze praktikoa aldarrikatu eta bultzatu nahi dugu.
Euskal Herritarron eskubide zibil zein politiko, kultural, sozial eta ekonomikoen aldarrikapena da landu nahi den ardatza. Herri bai eta bertoko herritar gisa dagozkigun eskubide horien gauzatze praktikoa aldarrikatu eta bultzatu nahi dugu.
Euskal Herrian Demokrazia eratu behar da. Horretarako lanean ari diren hamaika sujeto edota eragile dira beharrezkoak, bakoitzak bere eremuan. Eta guzti horiekin batera, dinamika guzti horiei gorputza emanez, Bai EHri ekimenak "euskal herritar bat, bozka bat" prinzipioa gauzatzeko bidea jorratu beharko du, eragile eta akuilu lana eginez, herriaren nahiari plasmazioa eta bideragarritasuna emanez, Eraikuntzaren aldeko nahiari bideak irekiz, emanez, erakutsiz.
Beraz, Ekimen honen errekorridoa epe luzerokoa izan behar duela uste dugu, eta ez da, inondik inora, EHNArekin bukatzen dagoeneko, eta hau azpimarratu behar da, EHNAren "fasea", nolabait deitzearren, korapilatsu samarra izango dela ez dugu ahantzi behar! -, baizik eta bere jarraipena izan beharko du ondorengo pausuetan: Naziotasunaren eta Herri Eskubideen inguruko eztabaida eta argipena, Euskal Herri mailako Hauteskundeen bultzada, Diasporaren parte hartzearen laguntza,..
"Bai Euskal Herriari" Ekimena bersortu edo esnatu nahi dugu gure herrian, "epe luzerako" planteamentu argi batekin, Euskal Demokraziaren gauzapenaren inguruko lan praktikoa jorratuz, herriko sektore anitzeei eraikuntzan parte hartzeko, laguntzeko eta akuilatzeko aukerak zabalduz, eskeiniz, konpartituz.
Horretarako ezinbestekoa zaigu, aipatu dinamika herriz herri garatu zein sustatzeaz arduratuko diren tokian tokiko taldeak eratzea. Honekin batera, herri eta auzoetako dinamikak gorpuztu, osatu zein koordinatuko dituen Biltzarra osatu beharko litzateke.
Asmoak asmo, zuengana jotzen dugu, orri hauetan sintetikoki adierazi duguna konpartitzeko, baita maila praktikoan ere. Hau da, gure nahia, zuen aldetik Herri Ekimen honekiko konpromezu praktikoa lortzea da, herriz herri zuen parte hartze aktiboa erabakiz, horretarako tokian tokiko taldeak osatuz beste eragile edo lagunekin batera.