Euskal Herriko Naziotasun Aitorpenaren abiatzea, Udalbiltzaren eskutik, erronka haundia da abertzaleontzat. Milaka eta milaka sinadura bilduta, herri eskubideen gauzapen-bermatze inguruan, emeki pausuak ematen hastea suposatzen du ekimen honek.
Herritarrok Euskal Herri mailako lehen instituzio nazionalari egindako eskakizunak jaso du zegokion erantzuna, eta orain, herritarroi dagokigu eskubideen inguruan lan praktikoa gauzatzea berriro ere.
Ez da nahikoa instituzio nazionalak aldeko erabakia hartzea. Orain, Euskal Herria aintzat hartzen dugun euskal herritarrok, beste pausu bat eman behar dugu. Zein? Udalbiltzak bideratutako dinamika instituzionala osatu eta herri dinamika bizi bat abiarazi behar dugu, herritarren parte hartze aktiboarekin. Azken finean, eraikuntza nazionalaren inguruko pausuak ez dira soilik instituzioetan eman behar, alor eta maila ezberdinetan, elkar-lagunduz eta osagarrituz lortuko dugu pauso atzeraezinak ematea..
Ondorengo lerroetan tokiz tokiko herri dinamikaren antolaketa moduaz eta lan moldeaz mintzatuko gara, beti ere, kontuan hartuz idazlantxo honen helburua, oinarri gisa erabiltzeko tresna izatea dela, ez besterik.
Tokiko lan taldeak sortzeko, gure ustez, egokiena izan beharko zuen, dagoeneko interes-konpromezu maila bat adierazi duen jendearengana jotzea. Hots, Udalbiltzari zuzendutako eskakizuna herrian sinatu duen jende kopuruarengana, nagusiki, jotzea, eta baita kanpaina zehatz batzuen inguruan (euskaragintzan, irakaskuntzan,..) parte hartu edo lagundu duen jendea..
Herri guztietan aurki dezakegu bere garaian euskal naziotasunaren alde sinadura luzatu zuen jende kopuru txukun bat. Beraz, aurrikusi daiteke interes bat badutela gaiarekiko. Horrekin ez dugu esan nahi, herritar guzti hauek buru belarri sartuko direnik dinamika honetan, baina bai hortik abiatu beharko ginatekeela ekimena herrian aktibatzeko, horiek baitira horrelako ekimen baten partaide naturalenak.
Beraz abiapuntua, gaiarekiko sentsiblitate gehien duten herritarrak biltzea litzateke eta bilkura ireki batera deitzea. Bilkura honetan gaiaren inguruko azalpen zehatz bat burutu ondoren, guztion artean aztertu beharko genuke ESKUBIDEEN gaia orokorrean eta EHNArena zehatzago nola kudeatu. Gaia nola herriratu, gizarteratze kanpaina, erabilgarritasunari begira, interlokuzioa nola egin...
Ikusten duzuen bezala, eskuak bete lan badugu eta horren abiapuntua bere garaian EHNA gauzatu ahal izateko eskakizuna burutu zuten herritarrengan jartzen dugu, biharko erabiltzaileek izango direnak hain zuzen.
Honekin batera, herrian diren talde, organismo, elkarte,.. zerrenda egin beharko genuke, berauek ere parte hartzera gonbidatzeko.
UDALBILTZAk herrian dituen hautetsiarekin ere hitz egin beharko genuke, ahal den neurrian, beraiei ere ekimenean parte hartzeko gonbitea luzatuaz.
Gauzak honela, herri edo auzoan bilkura baterako dei publiko eta irekia egin beharko litzateke. Bertan, lagun pare baten artean aurkezpena gauzatu, idei nagusiak azalduz, eta abian jartzera goazen ekimenean praktikoki parte hartzeko gonbitea zabalduko genuke.
Dei publiko honen helburua, abertzale sentitzen den orori parte hartzeko eskeintza izan behar du. Lortu beharko genukeena, ahalik eta herriko dinamiketako jende gehien inplikatzea da (Egunkari berriaren sorrerarako herri plataformetan parte hartutako jendea, Abialdian parte hartutakoak, Jai Batzordeetan, herriko kirol taldeko kide bat, ...), adin guztietako partaideen bila joanez (jende heldua zein gazteak parte hartzea interesgarria zaigu oso, esparru ezberdinetan "sarrera" errazteko).
Talde horiek "Bai Euskal Herriari" filosofiapean antolatuko ziren, eta beraz, logika osoz, izen hori hartu beharko zuten. Hala ere, edukiari eman behar diogu garrantzia eta ez izenari. Beraz, herri zein auzo bakoitzean ikusiko dute nolako izena emanen dioten.
Euskal Herriaren eta Euskal Herritarron eskubideen aldeko taldeak izango ziren. Edozein kasuan, nahiz eta hor kokatuko zuten etorkizunean beraien nortasuna, epe motzeko ardatza, lehenengo eta abiapuntuko ardatza, EHNAren inguruko lanketa izango zen.
Bai Euskal Herriarik ere, Udalbiltzarekin harreman sendo eta iraunkor izan behar du, eta horregatik, tokiko talde horien eta herriko zinegotzi baten (Udalbiltzaren ordezkaritza hartzen duena) arteko harremana bermatu behar da, esan bezala, ahal bada, taldeko partaide izanaz.
Tokiko taldeen proposamen honetan ez dugu planteatuko inolako egiturarik sortzea, inolako dinamika iraunkor gorpuztua zentzu klasikoan,.. sinpleagoa nahi dugu egin.
Proposatzen duguna zera da: tokiko taldeetako partaideok biltzea maiztasun zabal batekin (3 hilean behin), Biltzar zabal batean. Bertan, urte osorako Plangintza Nazionala erabaki, eta horren araberako plangintza partzialak egin (hiru hilabetekoak), eta baita jarraipenak, balorazioak,...
Batzar horretan erabakitzen diren ardatzen araberako tokiko plangintzak egin eta jorratu beharko dira.
EHNAren inguruko plangintza-modeloa