Giza Eskubideen Karta osatzen duten Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunak zein Eskubide Sozial eta Ekonomikoen Nazioarteko Itunak bere lehen artikuluan anbiguotasunik gabe aipatzen duten bezala:
Autodeterminazioa oinarrizko giza eskubide demokratikoa da. Herrien autodeterminazio eskubideak herri hori osatzen duten gizaki indibidualei askatasun osoz eta demokratikoki beraiek osatzen duten kolektibitatearen etorkizuna erabakitzeko eskubidea ematen die.
Autodeterminazio eskubidea finean, herritar bakoitzaren erabaki indibidualen batze kolektiboa da, zeinaren oinarria gizaki ororen askatasunerako eskubidea den.
Euskal Herria, lurralde zehatz batean kokaturiko komunitate historiko, linguistiko eta kulturala da. Bere kontzientziari dagokionean, bere historian zehar izandako gertaera anitzetan, nazio atxikimenduen adierazpen ugarirekin ezberdindu da.
Aitorpen hori ez da soilik - nahiz eta garrantzitsuena izan - barnekoak, komunitateak, bere buruari egindakoa. Euskal komunitatea orohar munduko beste Herriek Herri gisa komunitate kolektibo gisa ikusi eta ulertu ohi izan dute: ( Euskal Herria, Pueblo Vasco, País Vasco, Peuple Basque, Basque Country.....).
Euskal Herria Herri izanik, bertako biztanleei, kolektibitate horren parte izateagatik kolektibitate horren kide gisa aitortzeko, errekonozitua izateko eskubidea dagokie, hau da nazio horren partaide bezala aurrezagutzeko eskubidea. Gizaki orok baitu naziotasunerako eskubidea.
Era berean euskal herritarrek Euskal Herriaren eskubide ekonomiko, sozial, kultural eta politikoak garatuz, bertako biztanleei dagozkien eskubide zibil, politiko, kultural, ekonomiko zein sozialak zehazteko eskubidea dute, eta hauek errespetatuak eta egikarituak izan daitezen galdatzeko eskubidea. Horrela, hizkuntza eskubideak, hezkuntzarako eskubideak, etab.
Euskal Herriak, bere barne antolaketa zein, beste Herriekiko izan beharreko harremanak modu demokratiko batean zehazteko eskubidea du, Herriei aitortzen zaien Autodeterminazio eskubidearen baitan. Herria herritarrek osatzen dutelako, Euskal Herritarrei dagokie,"herritar bat, bozka bat" sistema demokratikoaren bidez, bere etorkizuna zehaztea, inolako kanpo inposaketa edo mehatxurik gabe.
Euskal Herria aske eta demokratikoa, Estatuek ezarri nahi diguten asimilazioari, gu nor garen eta zer nahi dugun zehaztuz eta abian ipiniaz bakarrik lor dezakegu.Gure burua euskal herritartzat agertuz eta gure etorkizunaren inguruko mugarik gabeko eztabaidak eta erabakiak hartuaz.
Euskal Herriak eta euskal herritarrak zer eta nor garen, eta zer nahi dugun erabakitzeak, ezinbestean Estatuek gure izenean hartutako hainbat erabaki antidemokratikoei aurre egitea dakar. Bide horretan, erabaki ez demokratikoetan oinarritutako Estatuen inposaketeei euskal Demokrazian oinarritutako erabakiekin aurre egin behar diogu, intsumisioaren bidetik.
Herriz herri BEH ekimenaren eraketa eta lana