BAI EUSKAL HERRIARI ekimena 2000.urteko ekainaren 10ean aurkeztu zen. Hona hemen herri ekimenaren sorrera adierazpena:
EUSKAL HERRITARRON ESKUBIDE ZIBIL ETA POLITIKOEN ALDEKO HERRI EKIMENA BAI EUSKAL HERRIARI-SORTZE ADIERAZPENA
Munduko Herrien aniztasunak osaturiko ortzadarra dugu gizon-emakumeon historia. Norberaren izate eta horren adierazte librearen aukeran aurkitzen dugu elkarbizitzaren edertasuna. Bakoitzak jaiotzez jaso, beharrak eraginda edota borondatez hautatutako kokapena-aitortza ezinbestekoa dugu eskubideen jabe den herritar gisa bizi ahal izateko.
Herri aske bateko partaide izatea horren bermea bada ere, bere jaioterritik alde egin beharra inposatu zaielako edota aintzakotzat hartuak ere ez diren herrietako kide direlako, gizon-emakume asko eta askori ukatzen die egungo mundu ordenamendu honek herritar izateko eskubidea bera ere.
Gu ere herri ukatu horietako baten kide gara. Euskaldunak gara, Euskal Herriko herritarrak. Eta horren baitan bizi-aritu nahi dugu, baita gure borondate demokratikoa adierazi ere.
Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak zera dio:
Gizaki oro aske, eta eskubide eta duintasunean berdin jaio ohi da (1.art).
Inori ezin zaio bere nazionalitatea arbitrarioki ezabatu (15. art.).
Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunak, era berean zera aitortzen du:
Herri orok badu bere etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea, bere estatus politikoa, ekonomikoa, soziala eta kulturala finkatzekoa (1. art.).
Euskaldunok etengabe pairatzen dugu nazionalitate ezabaketa hori. Gure etxean bertan "sans papiers" hutsak gara. Euskaldunok eguneroko ogia dugu erabakitzeko ahalmen horren ukazioa.
Ondorio zinez kaltegarriak sortzen dituen ezabaketa eta ukazioa. Gure bizitza pertsonal eta sozialeko atal guztietan du islada diskriminazio horrek. Euskaraz bizitzeko aukeraren murrizketa inposatuan, gure eredu sozial eta ekonomikoa erabakitzeko ezintasunean, ordaindu beharreko errepresio edo lege arrotzen aplikazioaren ondorioetan...
Errealitate gordin hauek guztiek duten funtsezko oinarri amankomuna zera da: gure herri eskubideak, euskaldunon eskubide zibil eta politikoak gauzatu ezina. Euskal Herria, herri gisa, ukatu, "desagertarazi" egin dute. Gure hitza Madrilek eta Parisek bahiturik daukate.
Euskal Herria giza taldea da, kolektibitate da, Herria da, dagozkion eskubideen eta bere buruaren jabe den subjektu politikoa. Estatu espainiarrak eta frantziarrak gure izate hau egunero ukatzen badigute ere, onarpen hau justizia eta demokrazia kontzeptu ei darien berezkotasun oinarrizkoena besterik ez den arren, halakorik aintzat hartzeko asmo izpirik ere ez dute adierazi. Guztiz kontrakoa.
Bizi dugun errealitate honi aurre egiteko bide bakarra euskaldunon eskubideak gauzatzea eta egikaritzea da eta berau da, egungo gatazka politikoaren konponbidea irekiko duen atea. Izan ere, Euskal Herritar gisa bizi ahal izateko benetako aukera sortzea Euskal Demokrazia eraikitzea da. Besterik ez.
Inolako bazterkeriarik gabe, euskal herritar guztion artean osatutako Hitza adierazteko aukera gorpuztu beharra dago. Gure borondate eta subiranotasunaren gauzatze praktikoa ahalbideratuko duen egituratze politiko instituzionala ezinbestekoa da.
Euskal gizarteak bere burua antolatu eta gobernatzeko, mundu osoan zehar aitortzen den printzipioari atxikitzen diogu guk ere: herritar bat, bozka bat. Euskaldun bat bozka bat.
Prozesu honetan herritar bakoitzaren atxikimendu librea da irizpide nagusia. Horren baitan urratsak zehaztu eta bitartekoak eraiki behar ditugu. Inori ezer inposatu gabe. Inori eskubide duen ezer debekatu gabe. Baina inork guri ere ezer inposatu eta debekatu gabe. Euskal herritar gisa bizi nahi dugunontzat benetako aukera berdintasuna eskuratuz. Euskal herritar gisa bizitzea ukatzen digutenei desobedituz.
BAI EUSKAL HERRIARI Plataforma osatzen dugun gizon emakumeok eskubide zibil eta politikoen gauzatzearen aldeko gonbitea luzatzen diegu herritar guztiei, demokraziaren aldeko apustuak bakean eta askatasunean oinarritutako etorkizuna irabaztea ahalbideratuko duelakoan. Sinatzaileak