BAI EUSKAL HERRIARI

Nondik, nora, zergatik

Abiapuntu gisa sinadura bilketa erraldoi bati ekin genion. Euskal herritarrok, munduaren aurrean garen bezala agertzeko dugun borondatea jaso asmoz. Horretarako herriz herri, auzoz auzo, milaka eta milaka sinadura jasotzeari ekin genion.

Baita bildu ere! 125.000 euskal herritarrek beren sinaduraren bitartez agerian utzi zuten beren izatea eta nortasuna munduaren aurrean. Horrekin batera, ariketa hori burutzeko bitarteko eza ere agerian utzi zuten, horregatik Euskal Herriko lehen instituzio jaioberri zen UDALBILTZAri luzatu genizkion eskaerak.

Urtebete beranduago, 2001.urteko martxoan, UDALBILTZAk Euskal Herriko Naziotasun Aitormena bideratzea erabaki zuen. Honen bitartez, "euskal herritarrek, libre eta demokratikoki, euskal nazioaren partaide izan nahi dutela adierazteko eskubidea izango dute". Aipatutako eskubidea "norbanakoena eta kolektiboa da eta gure kasuan ukatua izan zaigu" adierazi zuen UDALBILTZAk, hori bideratzeko konpromisoa berretsiz. Betiere herritarren borondatea izango dela Euskal Herriko Naziotasunaren Aitormenaren oinarria argi utzi zuen UDALBILTZAk.

Behin, Euskal Herriko Naziotasun Aitormena (EHNA) eskuan izanik, Euskal Herri luze zabalean tresna horren garrantzia eta erabilgarritasuna zabaltzeari ekin genion.

Euskal herritarron eskubide zibil eta politikoen aldeko iharduna areagotuz eta indartuz joan izan da urteetan barrena. Lurraldetasunetik hasi, hizkuntz eskubideak eta autodeterminaziotik jarraituz, EHNA bultzatzerainokoa da gure iharduna.

Gure uste apalean, EHNA tresna garrantzitsua da herritarrontzat baina, are garrantzitsuagoa Euskal Herriarentzat. EHNAren txapelpean gordetzen dira, arloz arlo Euskal Herriaren eraikuntza helburu duten dinamikak, Euskal esparru sozioekonomikoa, euskararen ofizialtasuna, lurraldetasuna, hezkuntza sistema propio baten aldeko ekimenak, gure kultura sustatzeko eginbideak, euskal selekzioak, ... eta nola ez Euskal Herriaren aitortza, nazio gisa.

EHNA izeneko txapel hau, gizabanakook daramagu, guztion artean nazio libre bat osatu nahi dugulako, guztion artean bizi garen Euskal Herria libreago egiten dugulako. Egunez egun, etxean, kalean, lantegian, ikastetxean edota nazioartean argi eta ozen diogu munduaren aurrean EUSKAL HERRITARRAK GARA! GURE NAZIOAK EUSKAL HERRIA DU IZENA!

EHNA EGIN euskal herritarrak garelako, EHNA ERABILI ez gara inor baino gehiago, gutxiago ere ez!

Euskal Herri luze zabalean, eskubide osoko euskal herritar libre gisa, BIZI GAITEZEN EHNArekin.

Lan moldea