EHNA

EHNA egin

Nork egin dezake EHNA?

Momentu honetan, Euskal Herrian bizi eta prozeduran zehazten den adierazpena bere gain hartzen duen orok egin dezake. Laster, Euskal Diasporak egin dezan bidea zehaztuko da eta eurek ere egin ahal izango dute.

EHNA egiteko beharrezkoa

Momentuz, Euskal Herriko edozein udalerrian erroldatuta egotea eta jarraian adieraziotakoarekin ados egotea dira egun dauden baldintza bakarrak.

ADIERAZPENA

Nik, Euskal herritarra naizen honek, zera aldarrikatzen dut:

Euskal Herria, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa Beherea eta Garaia, Lapurdi eta Zuberoako lurraldez osaturiko Herria dela.

Euskal Herriaren hizkuntza euskara dela, denon aldetik begirune osoa behar duena eta euskal lurralde osoan estatus ofizial nahikoa izan behar duela.

Euskal Herria bere buruaren jabe, beregain, libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea duen nazioa dela.

AITORMENA

Ni Euskal Herritarra naiz eta Euskal Naziotasunaren jabe naiz. Oharmen, nahimen eta erabakimendu osoz, Euskal Herriko bizi-partaide naiz, eta guztiz aintzakotzat hartzen dut Euskal Herriaren berezko izantza eta beregain bizitzeko borondatea, egungoa eta etorkizunekoa.

Nola tramitatzen da?

Bi modu daude, baina azkenean berdina egiteko. Bata, Euskal Herriko udaletxetan, udalbatzak hala erabakita zuzenean tramitatu daiteke eta bestea, udal hautetsiek leku eta data jakin batzuetan tramitatzen dutena.Bietan prozedura berdina da:

Herritarra tramitazio lekura hurbiltzen da, adierazpenarekin ados dagoela adierazten du, hautetsiak bete beharreko inprimakia betetzen du, eskatzaileak sinatzen du eta errolda agiria eta hiru argazki uzteaz gain, dagokion tasa ordaintzen du. Adin txikikoa denean, aurrekoaz gain famili liburuaren kopia erantsi behar du.

Ondoren hautetsiak sinatu eta zigilua jarri ondoren, ordezkagiria ematen dio eskatzaileari eta eskaera tramitazio bulegora igortzen du.

Bulegoan tramitazioarekin amaitzen denean, ziurtagiria eta agiri txikia postaz igorriko zaio eskatzaileari bere etxera. EHNA erabili